2006. urte honetan Jesusen Lagundiak jubileu hirukoitza egin nahi du, dei bat eginez Jainkoaganako fedearen gaineko hausnarketa eta sakontze lan bat egiteko, bai eta Ignazioren lagundiak gaurko egunean fedearekin, justiziarekin eta kultura eta erlijioen arteko elkar hizketarekin duen konpromisoaren bidetik. Elkar hizketa hori, gainera, gure garaiko gizarte osora zabaldu nahi da, pertsona laikoei ere esku hartzeko ateak irekiz.
Jesusen Lagundiak lortu du
san Ignazio inoiz baino biziago
egotea gaurko egunean, Berri
Ona mundu osoan zabaltzeko
egiten duen lanarekin eta gizakien
aldeko ekimenarekin, unibertsitate
eta ikastetxeetan irakaskuntzan arituz,
behartsuekin lan eginez hirugarren
munduan, justizia aldarrikatuz zapalduaren
ondoan eta berritzeko duen
ahalmenarekin.
Loiolako San Ignazioren heriotzaren 450. urteurrena ospatzeko antolatu den kontzertu
sorta prestatzerakoan hainbat ikusmolde hartu dira kontuan, historian, denboran eta
geografian oinarritutakoak, eta beti ere gure santuaren nortasunarekin eta hark sortutako
egintza eta lan handiarekin, Jesusen Lagundiarekin hain zuzen, lotuak.
Musika ekitaldi horietan, hainbat iturritatik edanaz, musikarekin lotutako adierazmolde
ugari agertu nahi izan dira, denak ere, arrazoi bat edo besteren arabera, Ignazio santuarekin
eta bere lagundiarekin bat eginda ibili direnak, haien bizitzaren eta historiaren joanean.
Kontuan hartu den aurreneko arloa Ignazioren jatorria izan da, eta san Ignazio ingurumolde
horretan kokatzeko bere garaikide izan ziren bi musikariren lanekin osatu dugu
kontzertua: Juan de Antxieta, Azpeitian jaioa, eta Gonzalo Martínez de Bizkargi, azkoitiarra.
Musika ekitaldi hau Peñaflorida Kaperak emango du.
San Ignaziok ingurune historiko eta kultural zabalago batekin izan zuen harremana da
bigarren atalean agertuko dena, ezinbestekoa hau ere. Horrela, santuaren garaikide izan
ziren musikagile iberiarren lanekin osatu da bigarren egitaraua. Kontzertua Carlos Mena
kontratenoreak eta Juan Carlos Rivera, bihuela joleak, emango dute.
Gurea bezalako musika emanaldien ziklo batek ezin du ahaztu Jesusen Lagundiaren eta
musikaren artean izan den harreman eta lotura, musika gizakiok elkar ulertzeko kode
unibertsala baita. Irudi plural horren isla izateko eta zabalkunde lan horrek mundu zabalean
duen garrantziaren berri emateko bi eremu geografiko hartu dira kontuan: Asia eta
Amerika. Jesusen Lagundiak Asia aldeko herrialdeekin duen lotura adierazteko, jesulagunek
Txinan sortu duten ondarearekin zerikusia duten lanez osatua dago kontzertuetako
bat. Emanaldi hau XVIII-21-MUSIQUE DES LUMIÉRES taldeak emango du. Jesusen Lagundiak
Amerika aldean egin duen lanaren berri izateko, bestalde, Chiquitos aldeko misioetako
musika-ondarea izango dugu entzungai: autore ezezagun batek egindako Meza
bat eskainiko da, Compañía Musical taldearen eskutik.
Eta azkenik, ezin ahaztu Jesusen Lagundiko musikagileek ere egin duten ekarpena. Horien
lanekin beste musika-emanaldi bat antolatu da, jesulagunek organurako idatzitako lanetan
oinarritua. Lan horiek eskaintzeko Esteban Elizondo organujolea izango dugu gure
artean